Edukira joan

Kontsentsu faltsuaren efektua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Adostasun faltsuaren efektua edo kontsentsu faltsuaren efektua norbaitek besteengan bere pentsamoldea proiektatzeari deritzo. Beste modu batera esanda, beste guztiek norberak bezala pentsatzen duten usteari deritzo. Falazia logiko hau gertatzen da banakako batek edo talde batek uste duenean beraien iritzi, sinesmen eta gurariek benetan direnak baino orokorragoak direla gainerako jendearengan.

Garrantzitsua da esatea jendeak ez duela beti uste bere sinesmenak gehiengoak partekatzen dituenik. Adostasun faltsuaren efektua jendeak bere sinesmenarekin korrelazioan dagoen sinesmen jakin baten hedadura gehiegi balioesteko duen joerari baino ez dagokio. Horrela, fundamentalista erlijiosoek ez dute nahitaez uste jende gehienak beraien erlijiotasuna partekatzen dutenik, baina fundamentalisten edo berarekin ikuspuntu jakin batzuk partekatzen dituzten pertsonen kopuruaren kalkuluek ziur aski benetan existitzen den kopurua gainditzen dute.[1]

Adibide sinple batzuk ematearren:

  • Frankofiloek uste dute frankofoboek kalkulatzen dutena baino frantses janari eta kultura zale gehiago daudela.
  • Egunerokoan edaten dutenek uste dute jende gehiagok kontsumitzen duela alkohola egunerokoan, abstemioek uste dutena baino.
Zenbatekoa da zure ustez alkohol kontsumitzaile kopurua?[2]
Ez-Kontsumitzaileak Kontsumitzailea ohikoak
Inor ez 1.1% 0.2%
Oso jende gutxi 11.4% 1.0%
Batzuk 11.8% 1.7%
Nahiko jende 31.8% 16.9%
Askok 25.3% 29.1%
Gehiengo argia 18.7% 51.2%

"Zure adineko zenbat jendek edaten du alkohola?" Galderaren aurrean alkoholaren kontsumoan desberdinak diren bi gazte-taldek emandako erantzunak adostasun faltsuaren adibide argia dira. Gazteek alkoholaren kontsumo-mailari buruz zuten pertzepzioari buruzko ikerketa batean adierazi zuen kontsumitzaile ez zirenak (1276 inkestatu) nabarmen desberdinak zituztela kontsumitzaileen aldean (1789 inkesta egin ziren). Hala, "Zure adineko zenbat jendek edaten du alkohola?" Galderaren aurrean, normalean alkohola kontsumitzen duten gazteen % 50ek baino gehiagok "ia guztiek" erantzun zuten, eta kontsumitzaile ez direnen taldeko % 19k baino gutxiagok eman zuten erantzun bera.

Antzeko emaitzak lortu dira tabako-kontsumoari erreparatuz. Ondorioztatu da pertsona jakin batek egiten dituen erretzaileen ehunekoen estimazioak pertsona horrek ezagutzen dituen erretzaileen kopuruarekin erlazionatuta daudela[3].

Psikologian, adostasun faltsuaren efektua, kontsentsu faltsuaren efektua edo edo adostasun-isuria deritzona, joera kognitibo orokor bat da. Joera kognitibo horren ondorioz, pertsonek beren hautu, judizio eta portaera propioak ohiko, besteekin partekatu eta dauden testuinguruarekiko egoki gisa ikusten dituzte. Beste hitz batzuetan, uste da norberaren ezaugarriak, sinesmenak eta ekintza pertsonalak nahiko hedatuta daudela biztanleria orokorraren artean.

Adostasun faltsuaren efektuaren beste ezaugarri bat da autoestima handitzea (gehiegizko konfiantzaren efektua). Joera hori bereziki nagusitzen da taldean. Taldeko kideek pentsamendu, judizio, ekintzetan adostasunera iristeko erraztasuna dute. Ingurune sozial batean sartzeko eta beste taldekideen aprobazioa lortzeko gogoaren ondorio izan daiteke. Horregatik ez dute sakon eztabaidatzen, ez da boterean dagoen ordena kuestionatzen eta denek berdin pentsatzen dutela uste izaten dute. Adostasun faltsuaren eragina orduan ez da mugatzen pertsonek beren balioak gehiengoak partekatzen dituela uste izatera, baita horren ondorioz norbere balioak gain-estimatzera. Bereziki norbere taldearen iritzi kolektiboa bat datorrela biztanleria orokorrarenarekin uste denean. Gainera, adostasunik ez dagoela dioen ebidentziaren aurrean, uste da haiekin ados ez daudenak oker daudela, akatsen bat dutela.[4]

Badaude ere adostasun faltsuaren efektuaren onurak nabarmentzen dituzten teoriak. Hauek efektua honek sortzen dituen errealitatearekiko distortsioak motibazio-prozesu gisa ikusten dituzte, hau da, gizarte-balidazio, gizarte-babes eta autoestimu handiagoaren pertzepzioa onuragarritzat ikusten dute. Garrantzia jartzen dute baita adostasun faltsuaren efektuak sortzen dituen efektua baliagarrietan. Halaber, gizarte-egoeretako antzekotasunak puztea, sinpatia areagotzeko, solipsismo sentsazioa jeistea eta talde kohesioa indartzea. Baliteke onura horiek adostasun faltsuaren pentsamendurako indargarri positiboak izatea.

Kreazionismoaren museoa Kentuckyn, eboluzioa hipotesi bat besterik ez dela sinestera ematen duen jarrera fundamentalista, ondo finkatutako teoria baten ordez.

Adostasun faltsuaren efektua etorkizunari buruzko iragarpenetara ere zabal daiteke. Etorkizun onuragarrian sinestea da besteek etorkizunean beren lehentasunak eta sinesmenak norberarenekin bat etorriz aldatuko dituztela sinestea. Etorkizun mesedegarri batekiko sinesmenak iradokitzen du pertsonek sobera estimatzen dutela beste pertsona batzuk zenbateraino egongo diren ados denboran zehar beren lehentasun eta sinesmenekin.[5]

Ez dago arrazoi bakar bat joera kognitibo horretarako. Dena den, lotura du erabakiak informazio gutxirekin hartzeko joerarekin. Ziurgabetasuna eta erabakiak hartzeko beharra sentitzen den kasu konkretuetan, norbere burua proiektatzen da egoera horretan. Ezagutza pertsonal hori orokortzeko erabiltzen denean, gehiengoaren parte izatearen sentsazio faltsua izaten da askotan. Adostasun faltsuaren efektua oso nabaria izan da eta froga enpirikoek babestu dute. Ikerketek iradoki dute faktore kognitiboak eta pertzepzio-faktoreak (proiekzio arrazoitua, informazioaren eskuragarritasuna, emozioak, etab.) lagungarri izan daitezkeela kontsentsu-efektua lortzeko. Berriki egindako azterlanak, berriz, mekanismo neuronaletan zentratu dira.

Esperimentu txiki bat adibide gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adibidetzat har dezagun forgatzat Botvin et al.-en (1992) eskutik egin zen azterlana.[6] Azterlan hori nerabeen komunitate espezifiko baten arteko adostasun faltsuaren efektuari buruz zen, frogatu nahi zen hipotesia ikasleek, gizartearekin oro har alderatuta, beren gertuko ikaskideen artean adostasun faltsu maila handiagoa erakusten dutela zen. Esperimentu honetan parte hartu zutenak 18 eta 25 urte bitarteko (18,5 urteko batez besteko adinarekin) unibertsitateko berrehun eta hiru ikasle izan ziren. Galdetegi bat eman eta hainbat gizarte-gairi buruzko galderei erantzuteko eskatu zitzaien.

Gai sozial bakoitzerako, gaiari buruz nola sentitzen ziren erantzuteko eskatu zitzaien, eta haiekin ados leudekeen kideen ehunekoa kalkulatzeko. Emaitzen arabera, adostasun faltsuaren eragina oso ohikoa zen parte-hartzaileek beren unibertsitate-komunitateko gainerako kideak deskribatzen zituztenean; aztertutako hogei gaitik hamaseitan adostasun faltsuaren efektua erakusten zuten modu nabarmenean. Azterlan honetan ikusitako adostasun faltsuaren eragin maila altuak aztertutako taldeari egotz dakizkioke; parte-hartzaileei etengabe dauden taldekideekin alderatzeko eskatu zitzaienez (eta haien oso antzekoak direla uste dutenez), adostasun faltsuaren efektu mailak nabariak izanik.

Terminoaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sigmund Freud (1856- 1939) austriar mediku neurologoa, psikoanalisiaren sortzailea izan zen, psikopatologia tratatzeko metodo klinikoa, elkarrizketa bidez gaixoaren eta psikoanalistaren artean.

Ross, Green eta Housek[7] 1977an definitu zuten lehen aldiz adostasun faltsuaren efektua, proiekzio fenomeno gisa. Galdera ezberdinen aurrean pertsonek beren erantzunetan hautematen duten izaera erlatiboki komuna azpimarratuz; hala ere, antzeko proiekzio-fenomenoek psikologian arreta piztu zuten dagoeneko. Adibidez, 1931n, Katzek eta Allportek erakutsi zuten ikasleek azterketetan egiten diren tranpen maiztasunari buruz egindako kalkuluek lotura zuzena zutela beren jokabidearekin. Horregatik, tranpatiek uste dute denak direla beraien gisakoak, arauak zorrotz betetzen dituztenek ordea denek betetzen dituztela.

Adostasun faltsuaren eragina, Ross, Greene eta Housek 1977an definitu zuten moduan, aurretik izan zituen teoria erlazionatu ugarien gailurra izan zen.[7] Lau ikerketen serie ezagunean, Rossek eta bere kideek hipotesia planteatu zuten, eta gero frogatu zuten pertsonek beren sinesmen eta lehentasunen zuzentasuna gehiegi balioesteko joera dutela. Azterketak egoera hipotetikoetan egin ziren, galdetegi-inkesten bidez nahiz benetako gatazka-egoeretan. Galdetegi bidezko azterketen kasuan, gertaera hipotetikoak aurkezten zitzaizkien parte-hartzaileei, eta, gero, ez zitzaien soilik eskatzen beren hautu propioak eta aurreikusitako baldintzen araberako portaera-ezaugarriak adieraz zitzaten, baizik eta "aktore" gisa aipatzen ziren erantzunak eta kideen ezaugarriak kalifikatzeko ere eskatzen zitzaien.

Benetako abaguneei buruzko azterlanei dagokienez, parte-hartzaileek gatazka-egoerei aurre egin behar izan zieten. Egoera horietan, bi gauza eskatu zitzaien, lehena jokabide-alternatibak aukeratzeko eta bigarrena azterlanean parte hartu zuten bi gizabanako ustez errealen ezaugarriak eta erabakiak epaitzeko . Geroago, 1970 inguruan, fenomeno bera aurkitu zen sinesmen politikoetan eta presoaren dilemaren egoeran.

Gustave Le Bon (1841-1931) frantses medikua, antropologoa, psikologo soziala eta soziologoa izan zen. Freudek kritkatuko duen, "arima kolektibo" terminoaren sortzailea.

Masa psikologiaren esparrutik, Sigmund Freudek[8] Gustave Le Bon[9]-en "arima kolektibo" baten kontzeptua kritikatu zuen. Freuden ustez benetan, masako subjektuak, bere niaren idealaren tokia hutsik uzten du liderrak okupatua izan dadin. Masan, Ni indibiduala desegin egiten da, irauli egiten da, eta niaren idealaren ordez masaren ideala erabiltzen da, liderrak gorpuztua, identifikazio prozesu baten bidez. "Liderra"[10] kontzeptua da; beraz, pertsona bat zein ideal bat izan daiteke. Freuden obran, beraz, funtsezko hainbat kontzeptu bateratzen dira, hala nola identifikazioa, nartzisismoa edo aipatutako proiekzioa bera, besteak beste.

Kausa posibleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren efektuari buruzko ikerketa berrienak saiatu dira ulertzen zergatik jendeak konturatu gabe esageratzen duen besteek beraien ideiak zenbateraino partekatzen dituzten. Ikerketa horrek agerian utzi du ez dagoela kausa bakar bat[11], baizik eta motibazio-faktoreekin, informazio-eskuragarritasunarekin eta anbiguotasunarekin eta kausak oker esleitzearekin lotutako kausa-multzo batekin.

Kausa motibazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agerikoa da adostasun faltsuaren ondorioa, kasu batzuetan, iritzi propioaren ebaluazio positiboari eusteko nahiaren ondorio dela. Desira hori indartu egin daiteke gizabanakoak uste badu bere sinesmenak gehiengoaren sinesmenak direla. Ohikoa da banakoek pertsona bereziki erakargarriak eta errespetatuak beren sinesmenekin zenbateraino bat datozen esajeratzera jotzea. Ideia hori bat dator pertsonek beren sinesmenetarako gizarte-babesa hautemateko joera dutela dioten oharrekin, bereziki inbertsio emozional bat egiten dutenean edo beren autoestima jokoan denean.[5]

Informazio motarekin lotutako kausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren beste kausa bat da gizabanakoek ez dutela informazio kopuru bera jasotzen sinesmen jakin baten alde eta kontra. Izan ere, ondo frogatuta dago pertsonak nahita aukeratzen dutela beren sinesmen eta ohituren alde egiten duen informazioa, neurri batean beren harremanetan dauden pertsonen, ohituren ondorioz. Kontserbadoreek beren ideiak indartzen dituen prentsa kontserbadorea irakurtzen dute; fundamentalista erlijioso kristauek literatura "kreazionista" (biologia ebolutiboaren ordez) irakurtzeko joera dute, eta horrek berresten du eboluzioa teoria bat baino ez dela, eta ez oso frogatutzat jotzen den gertaera bat.

Gizabanakoek, beren giroan, beren sinesmenak babesten dituzten argudio eta ebidentziak hain sarri aurkitzen dituztenez, gezurtatzen dituen baino informazio gutxi iristen zaien bitartean, sinesmenek zentzudunagoak eta seguruagoak dirudite, eta, beraz, ohikoagoak eta hedatuagoak. Hau noski, maizago informazio orekatuagoa jasoko balukete irudituko litzaiekeenarekin alboratuz. Eta gizabanakoek beren sinesmenak baieztatzen dituzten argudioei buruzko informazio gehiago izateaz gain, oro har lotura estuagoak dituzte beren sinesmen eta ohiturak partekatzen dituzten pertsonekin. Ondorioz, beren sinesmen edo ohituren bat partekatzen duten pertsonen kopurua kalkulatu edo balioetsi nahi dutenean, soberan balioesten dira lagin oso lerratu batetik abiatuta.

Kanpo faktoreen garrantziari lotutako arrazoiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren beste arrazoi bat da banakako jokabidea, norberarena eta beste batzuena, kanpoko faktoreei egoztea. Logika honako hau da: norbaitek uste badu kanpoko faktore batzuek bere jokabidea gobernatzen dutela, ziur asko pentsatuko du egoera berean beste pertsona batzuk ere kanpoko faktore horien eraginpean egongo liratekeela; hala ere, norbaitek jokabide bat edo bere sinesmen partikularretako bat edo iraganeko xedapen edo esperientziak egozten badizkie, joera txikiagoa izango du beste pertsona batzuek kasu berean berdin jokatuko luketela pentsatzeko.

Esperimentalki frogatuta dagoenez pertsonak joera handiagoa dutela beren jokabidea kanpoko faktoreen garrantzia azpimarratuz azaltzeko haien iraganeko esperientzietan[12] izandako jarrerak azpimarratuz baino, ondorioztatzen da jendeak pentsatuko duela beste pertsona batzuen jokabidea ere kanpoko arrazoiengatik dela, iraganeko esperientziei baino neurri handiagoan.

Hala ere, jokabide-mota guztiek ez dute maila berean eragiten kanpoko faktoreen eragina. Izan ere, esperimentu kontrolatuetan kontrakoa eragin daiteke. Esperimentu batean, parte hartzaileen ekintzek kausa pertsonalek duten garrantzia azpimarratzera bultzaturiko zenbait gizabanakok, erakutsi zuten adostasun faltsuaren efektuak gutxiago eragiten ziela haien ekintzak kanpoko faktoreen bidez azaltzera bultzatu zituztenek baino.[13] Esperimentu horrek erakusten du kanpoko faktoreen pisua manipulatu egin daitekeela eta nabarmen aldatzen dela egoeraren arabera, baina, aldi berean, baieztatzen du kanpoko faktoreak azalpen ontzat hartzen baditugu, adostasun faltsuaren eragina neurri handiagoan agertzen dela.

Anbiguotasunarekin lotutako kausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren eragina azaltzeko beste faktore-multzo bat gai, egoera eta hainbat aukeraren arteko hautu gehienen berezko anbiguotasunak ebaztearekin lotuta dago. Horrela, gai bati buruz zer pentsatzen dugun erabakitzeko, lehenik eta behin, gaiak zertan datzan, ze hedadura duen eta haren definizioa zehaztu edo argitu behar dugu. Adibidez, film frantsesak edo film italiarrak nahiago ditugun erabakitzeko, lehenik eta behin "film frantsesak" eta "film italiarrak" zer diren zehaztu behar dugu. Ladrón de bicicletas eta La strada bezalako filmak zinema italiarraren adibide kanonikotzat hartzen baditugu, litekeena da film italiarrak nahiago izatea. Gainera, ziurrena da populazio orokorraren ehuneko handiago batek zinema italiarraren alde egita kasu honetan. Ez da horrela izango ordea, zinema italiarraren adibide kanoniko gisa "espageti western"ak hartzen baditugu. Hau da, bi kategoria hauek (film italiarrak eta film frantsesak) definitzeko edo mugatzeko modu zehatzak, lehentasunean eragiteaz gain, besteek lehentasun hori zenbateraino partekatzen dutenaren dugun pertzepzioan ere eragingo du.

Adostasun faltsuaren eraginaren interpretazio horretan, oinarrizko bi suposizio daude:

A) Pertsona desberdinek  gauza berberak hautatzen dituzte modu erabat desberdinean, motibazio oso ezberdinen ondorio.  

B) jendeak, normalean, ez du hori onartzen, eta, beraz, gaizki kalkulatzen du, dagoena baino adostasun-maila handiagoa dagoela pentsatuz.

Arrazoitzeko prozesua hain da naturala eta automatikoa, non gizabanakoek askotan ez duten aintzat hartzen haien arrazoiketak besteekin izan dezaketen alderaketa. Guzti horrek errealitate material objektibo bakar bat partekatzearen ideiarekin lotuta, eramaten du kontuan ez hartzera beste pertsona batzuen errealitate materialak oso kasu desberdinei erantzuten dietela.

Ikerketa enpirikoak erakusten du gertaera berberen suposizioen eta interpretazioen desberdintasunek pisu nabarmena dutela kontsentsu faltsuaren efektuaren agerpenean.[14]

Nahiz eta pertsona gehienak ohartzen diren afera baten aurreab beste pertsona batzuek gustu, balio eta orientazio desberdinak dituztela, alde batera uzten da, arazoa, afera bera desberdin planteatzen dela, hau da, munduaren ikuspegi desberdinekin. Izan ere, arazoa planteatzeko moduak erabat ezberdinak izan daitezke pertsona batetik bestera. Eta norbaitek zinema frantsesa italiarra baino nahiago duen bezala, zinema mota bakoitzaren adierazgarritzat zer hartzen duen kontuan hartuta, aukera desberdinak hartuko ditu bere suposizioaren arabera edo arazo beraren interpretazio inkontzienteen arabera.

Horrek esan nahi du, batzuetan, ageriko iritzi-ezberdintasunak ez direla "objektuaren judizio" desberdinean oinarritzen, baizik eta "judizio-objektu" desberdinetan.[15] Izan ere, subjektuak ez dira ohartzen pertsona desberdinek arazoak arazo edo egoera jakin batzuen inguruan planteatzen dituztela, kasu desberdinen arabera, eta pentsa dezakete beren pentsamendu-lerroa benetan dena baino ohikoagoa dela.[16]

Hurbilpen teorikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren eragina aztertu duten teoria nagusiak pertzepzio sozialari buruzko bi teoria paralelotan oinarritzen dira. Teoria hauek inpresioak nola sortzen ditugun eta beste pertsona batzuei buruzko inferentziak nola egiten ditugun aztertzen dute. Badaude ere efektua espozizio selektiboari eta gaitasun kognitiboaru lotzen duten teoriak, edo arretaren ekonomiarekin erlazioa ikusten diotenak, baita ere informazioaren prozesamendu logikoarekin lotzen dutenak. Atal honetan aztertuko ditugu goian aipatutakoak.

Konparazio sozialaren ideia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehena konparazio sozialaren ideian oinarritzen da. Leon Festingerrek[17] (1954) aztertu zuen konparazio sozialaren teoria. Teoriaren baieztapen nagusia da gizabanakoek beren pentsamenduak eta jarrerak beste pertsona batzuetan oinarrituta ebaluatzen dituztela. Hau norbere buruarekin ondo sentitzeko eta taldean onartuta sentitzeko beharrak eragin dezakete.

Teoria horren hedadura hurrengoa da, pertsonek gainerako pertsonak erabil ditzakete informazio-iturri gisa gizarte-errealitatea definitzeko eta beren portaera gidatzeko. Horri gizarte-eragin informatiboa deritzo. Gizarte baldintzapen informatiboa[18] erabiltzen duenaren akatsak ordea, honetan datza: ez konturatzean pertsonak ez direla gai arau soziala eta besteen benetako jarrerak zehaztasunez hautemateko. Beste hitz batzuetan esanda, ikerketak erakutsi du gure iritzi sozialak zehaztugabeak izaten direla maiz. Aurkikuntza honek pentsamendu baldintzatua eta gizarteak sortzen duen erralitatearen pertzepzio zehaztugabea ulertzeko oinarriak ezartzen lagundu zuen. Adostasun faltsuaren efektua zehaztasun falta horren adibide bat besterik ez da.

Proiekzioaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Efektu hontan parte hatzen duen bigarren teoria esanguratsua proiekzioarena da, alegia, pertsonek beren jarrera eta sinesmenak besteengan proiektatzen dituztela dioena. Proiekzioaren ideia hori ez da kontzeptu berria. Izan ere argi erakutsi da lan teoriko ezberdinetan: Sigmund Freudek proiekzioaren defentsa-mekanismoari buruz egi

ndako lanean, Holmesek[19] "proiekzio atributiboari" buruz egindako lanean (1968), non Holmesek proiekzio soziala honela deskribatu zuen: “pertsonek beren sinismenak balioztatzeko beste indibiduo batzuetan sinismen horiek proiektatzen saiatzeko joera.” edo Gustav Ichheisserrek[20] pertzepzio sozialari buruz egindako lanean(1970) .

Konparazio sozialaren eta proiekzioaren teoriak elkarlotuta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hori dela eta, konparazio sozialaren eta proiekzioaren bi teoria horien arteko lotura ezar daiteke. Lehenik eta behin, konparazio sozialaren teoriak azaltzen duenez, gizabanakoek etengabe begiratzen diete beren kideei erreferentziazko talde gisa, eta hori egitera motibatuta daude beren jarrera eta sinesmenak berresteko. Hala ere, onarpen eta autoestima handiagoa bermatzeko, gizabanako batek inkontzienteki proiektatu ditzake bere sinesmenak besteengan. Azken emaitza hori adostasun faltsuaren ondorioa da. Laburbilduz, adostasun faltsuaren efektua, konparazio sozialaren teoriatik nahiz proiekzioaren kontzeptutik datorrela esan daiteke.

Espozizio selektiboa eta gaitasun kognitiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria hori hertsiki lotuta dago eskuragarritasunaren heuristikarekin, zeinak antzekotasunaren (edo diferentziaren) pertzepzioak horiek oroitzeko ditugun erraztasunak eragiten diela iradokitzen du, eta, espero zitekeen bezala, norberaren eta besteen arteko antzekotasunak errazago gogoratzen dira ezberdintasunak baino. Horren arrazoia zera da, neurri batean, pertsonek harremanak beren antzeko pertsonekin izaten dituztela. Antzeko pertsonekiko esposizio selektibo horrek "ingurune sozial zabaleneko iritzien benetako aniztasunari buruzko informazioaren lagina" alboratu edo murriztu dezake. Eskuragarritasunaren esposizio selektiboaren eta heuristikoaren ondorioz, normala da antzekotasunak nagusitzea norberaren pentsamenduetan.

Arretaren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria honek iradokitzen duenez, gizabanako batek bere posizio gogokoenari bakarrik erreparatzen dionean, litekeena da bere arretaren fokua gehiegi estimatzea, horrela adostasun faltsuaren efektuaren biktima izanik. Posizio hori izanik bere kontzientzian dagoen bakarra, posizio ezberdinak plazaratzeak. arretaguneak biderkatzeak kontsentsu faltsuaren efektuaren gradua jeitsi dezake.

Informazioaren prozesamendu logikoaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria honek dio pentsamendu aktibo eta itxuraz arrazionala gizabanako batek beste batzuen artean duen antzekotasun-estimazioak baino lehenagokoa dela, eta kanpo arrazoien bidezko justifikaziora eramaten gaituela. Adibidez, indibiduo batek bere sinesmenen bidez kanpoko munduaren deskribapen bat egiten badu, litekeena da indibiduoak kasuan kasuko gauzaren bere esperientzia, esperientzia objektibo huts gisa ikustea.

Adibidez, zinemako ikusle batzuek pentsa dezakete filmaren kalitatea entitate objektiboa dela. Ez zitzaiela gustatu azaltzeko, ikusleek film txar bat besterik ez zela esan dezakete (kanpoko atribuzio bat). Objektibotasunaren suposizio horretan oinarrituta (agian okerra), arrazoizkoa edo "logikoa" dirudi gainerako guztiek esperientzia bera izango dutela pentsatzea. Bestalde, egoera berean dagoen eta barne-esleipen bat egiten duen norbait (agian zinemazale bat, bere maila bereziki altuaz jabetzen dena) esperientziaren subjektibotasunaz ohartuko da eta kontrako ondorioa aterako du. Bi emaitza kontrajarri sortzen dituzten arren, bi esleipen bideak hasierako suposizio batean oinarritzen dira, ondoren ondorio "logiko" batera daramana. Logika horren arabera, esan daiteke adostasun faltsuaren efektuak lotura duela pertsonek beren portaerak justifikatzeko kanpoko edo egoerako atribuzioak nahiago izatearekin barnekoak edo disposizionalak baino.

Informazioaren prozesamendu logikoaren teoria balioztatzeko ikerketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foxek, Yinonek eta Mayrazek[21] egindako ikerketa batean, adin talde ezberdinetan adostasun faltsuaren efektuaren maila aldatzen ote zen ikertzen ari ziren ikertzaileak, honekin informazioaren prozesamendu logikoaren teoriak izan zezakeen eragina ikusi nahian. Ondorio bat ateratzeko, ikertzaileek lau adin-taldetan banatu behar izan zituzten parte-hartzaileak. 200 parte-hartzaile erabili ziren, eta generoa ez zen faktoretzat hartu. Aurreko azterlanean bezala, azterlan horrek galdetegi bat erabili zuen informazio-iturri nagusi gisa. Emaitzek erakutsi zuten adostasun faltsuaren eragina izugarri gailentzen zela talde guztietan, baina nagusitzen zela adin handieneko taldean ("zaharren egoitzetako erabiltzaile" gisa etiketatutako parte-hartzaileak)

Adin handieneko taldean ikusitako adostasun faltsuaren efektua areagotzeak informazioaren prozesamendu logikoaren teoria egiazta dezake, bere erabakien atzean dagoen arrazoiketa "logikoaren" eraginak nabariak dira. Haiek beraien mundu ikuskera kanpoko munduan justifikatzeko joera dute, bere pentsamendua propioa eta barnekoa beharrean logiko eta kanpoko gisa ikusten dute. Adin handieneko taldea, jakina, denbora gehiago bizi izan da, eta, beraz, bere usteak adin-talde guztietan proiektatu ditzakeela sentitzen du, iraganeko esperientziengatik (itxuraz objektiboak) eta bere jakituriagatik. Adin txikieneko taldeak ezin dira logikoki adinekoekin erlazionatu, ez dutelako esperientzia hori izan. Emaitza horiek erakusten dute adineko pertsonek joera dutela kanpo egoeren inguruan dituzten usteetan konfiantza handiagoa izateko gaitasuna dutela, hauek logiko eta ez mediatu gisa ikusteko.

Iritzi publikoa ukitzen duen gizarteko edozein elementuk -adibidez, hauteskundeek, publizitateak, hedapenak- igartzen dute adostasun faltsuaren efektuaren eragina. Horren arrazoia da, neurri batean, pertsonek beren pertzepzioak garatzeko duten moduak berekin dakarrela "kontzientzia-prozesu bereizgarriak" izatea. Hau da, errealitatearen inguruko uste zuzenak bilatu beharrean, gogokoen dituzten ondorioak bilatzearekin. Azken kategoria honetako kideek maizago sentituko dute adostasun faltsuaren ondorioa, litekeena baita subjektuak aktiboki antzeko aldekoak bilatzea eta aurkakotasuna baztertu edo baztertu nahi izatea. Horregatik Madriden egindako 2004ko martxoko atentatu islamistak ETA Talde armatuak egin zituelaren ustea ohikoago zen eskuin espainolista defendatzen zuten giza-taldeetan.

Marketing-ean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren efektua joera garrantzitsua da, eta hori kontuan hartzen dute marketingeko adituek negozioak egiterakoan eta eguneroko gizarte-elkarreraginetan. Funtsean, pertsonek uste dute biztanleria, oro har, bat datorrela beren iritzi eta iritziekin. Uste hori zehatza den ala ez alde batera utzita, beren erabakietan berme eta segurtasun handiagoa dutela iruditzen zaie. Hori merkataritza-harremanetan aprobetxatu edo saihestu beharreko fenomeno garrantzitsua izan liteke.

Adibidez, gizon batek tresna berri bat erosi nahi izatea zalantzan jarriko balu, beste batzuk bere zalantzarekin bat datozela pentsatzea urrats garrantzitsua izango litzateke hura erosteko konbentzitzeko. Bezeroa konbentzitzen badugu beste pertsona batzuek etxetresna elektrikoa erosi nahi dutela, baliteke saltzaileak beste modu batean egingo ez zukeen salmenta bat egitea. Horrela, adostasun faltsuaren efektuak lotura estua du adostasunarekin, hots, gizabanako batek talde baten sinesmen edo portaerekin bat etortzeko duen eraginarekin.

Bi desberdintasun daude adostasun faltsuaren efektuaren eta adostasunaren artean: garrantzitsuena da adostasuna talde erreal baten portaera, sinesmen edo jarrerekin bat etortzea dela; adostasun faltsuaren efektua, berriz, besteek zure portaera, sinesmen edo jarrerak partekatzen dituztela hautematean datza, garrantzirik eman gabe hori egiazkoa izateari. Bezeroari sentiaraztea besteen iritzia dela (gizartea) etxetresna elektrikoa erostea, bezeroa seguruago sentituko da erosketaz, eta sinestaraziko dio beste pertsona batzuek ere erabaki bera hartuko zutela.

Ziurgabetasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adostasun faltsuaren eta haren azterketaren hainbat alderdiri buruzko anbiguotasuna dago. Lehenik eta behin, ez dago argi zer faktorek eragiten duten gehien adostasun faltsuaren efektuak gizabanakoengan duen indarrean. Adibidez, talde bereko bi gizabanakok eta posizio sozial oso antzekoa dutenek adostasun faltsuaren efektu-maila oso desberdinak izan ditzakete, baina ez dago argi zer desberdintasun sozial, nortasun edo pertzepzio-desberdintasun betetzen dituzten beren artean desberdintasun horren jatorrian. Gainera, zaila izan daiteke adostasun faltsuaren efektuari buruzko inkestetako datu zehatzak lortzea (baita beste joera psikologiko batzuk ere), talde sendoak eta fidagarriak bilatzeak denbora luzez izan baititzakete inkesta-aldi oso luzeak ".

Adibidez, artikulu honetan aipatzen diren ikasketa askok unibertsitateko ikasleak aztertu zituzten. Ikasle horiek adostasun faltsuaren eragin maila bereziki handia izan lezakete, bai ikaskideez inguratuta daudelako (eta, agian, prestasunaren heuristika esperimentatzen dute), bai askotan ikaskideen antzekoak direla onartzen dutelako. Horrek desitxuratutako datuak eragin ditzake adostasun faltsuaren efektuari buruzko azterlan batzuetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fields, James M.; Schuman, Howard. (1976). «Public Beliefs About the Beliefs of the Public» Public Opinion Quarterly 40 (4): 427.  doi:10.1086/268330. ISSN 0033-362X. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  2. Yubero, Claudia. (2017). «Développement local et transfert de modèle : apprentissage d’une norme et reconstruction géographique ? Le cas de LEADER dans la région de Madrid (Espagne)» Les sentiers du développement, de l’art à la manière (Presses universitaires de la Méditerranée): 133–147. ISBN 978-2-36781-258-8. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  3. Chassin, Laurie; Corty, Eric; Presson, Clark C.; Olshavsky, Richard W.; Bensenberg, Michelle; Sherman, Steven J.. (1981-12). «Predicting Adolescents' Intentions to Smoke Cigarettes» Journal of Health and Social Behavior 22 (4): 445.  doi:10.2307/2136684. ISSN 0022-1465. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  4. Jean., Piaget,. (2015). Language and thought of the child.. Routledge ISBN 1-138-12855-4. PMC 941875854. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  5. a b Sherman, Steven J.; Presson, Clark C.; Chassin, Laurie. (1984-03). «Mechanisms Underlying the False Consensus Effect» Personality and Social Psychology Bulletin 10 (1): 127–138.  doi:10.1177/0146167284101015. ISSN 0146-1672. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  6. Epstein, Jennifer A.; Botvin, Gilbert J.; Diaz, Tracy; Baker, Eli; Botvin, Elizabeth M.. (1997). «Resisting Media Influences Scale» PsycTESTS Dataset (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  7. a b Ross, Lee; Greene, David; House, Pamela. (1977-05). «The “false consensus effect”: An egocentric bias in social perception and attribution processes» Journal of Experimental Social Psychology 13 (3): 279–301.  doi:10.1016/0022-1031(77)90049-x. ISSN 0022-1031. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  8. Sigmund., Freud,. El malestar en la cultura. PMC 1031706936. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  9. Le Bon, Gustave. (2013). Psychologie des foules. Presses Universitaires de France ISBN 978-2-13-062062-4. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  10. 1948-, Lear, Jonathan. (2015). Freud. Routledge ISBN 978-0-415-83179-6. PMC 904436036. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  11. Tom Gilovich Defines Intuition. 2016  doi:10.4135/9781473959835. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  12. editor., Prentice, Deborah A., editor. Miller, Dale T.,. Cultural divides : understanding and overcoming group conflict. ISBN 978-1-61044-457-6. PMC 906809607. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  13. Jennings, Andrew. (2019-08-20). «Andrew Jennings» Authors group (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  14. WILLIAMS, JARED. (2013-05-03). «Financial Analysts and the False Consensus Effect» Journal of Accounting Research 51 (4): 855–907.  doi:10.1111/1475-679x.12016. ISSN 0021-8456. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  15. Asch, S. E.. (1948). «The doctrine of suggestion, prestige and imitation in social psychology.» Psychological Review 55 (5): 250–276.  doi:10.1037/h0057270. ISSN 1939-1471. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  16. Gilovich, Thomas. (1991-08). «The Unbearable Lightness of Theory» Contemporary Psychology: A Journal of Reviews 36 (8): 664–665.  doi:10.1037/030028. ISSN 0010-7549. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  17. 1919-1989., Festinger, Leon,. Extending psychological frontiers : selected works of Leon Festinger. ISBN 978-1-61044-486-6. PMC 906809426. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  18. 1942-, Castells, Manuel,. (2017). La era de la información : economía, sociedad y cultura.. Alianza ISBN 978-84-206-4740-1. PMC 1041398972. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  19. Holmes, David S.. (1968). «Dimensions of projection.» Psychological Bulletin 69 (4): 248–268.  doi:10.1037/h0025725. ISSN 1939-1455. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  20. Vollenweider, Gustav or Johann Gustav. Oxford University Press 2011-10-31 (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).
  21. Yinon, Yoel; Mayraz, Avigail; Fox, Shaul. (1994-12). «Age and the False-Consensus Effect» The Journal of Social Psychology 134 (6): 717–725.  doi:10.1080/00224545.1994.9923006. ISSN 0022-4545. (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]